iraila 30, 2016

ERRITMOGRAMA: Brandenburgoko 2. kontzertua (J.S. Bach)

Beltzen eta zurien irakurketa lantzen jarraitzeko, bideo hau proposatzen dizuet.
Erritmograma egiteko, J.S. Bach-en Brandenburgoko 2. kontzertua aukeratu dut aurten gure irratian elkarrizketatuko diotela aprobetsatuz. Beraz, bideo hau aurrerago berreskuratuko dugu.

Momentuz eta Bach-en irudian sakondu gabe, beltza eta zurien erritmoak praktikatzeko balioko digu.

iraila 29, 2016

"Baketak" kantarako bideoa.

Orain dela gutxi baketak ongi heltzeko kanta bat  sortu nuen. Bideo edizioa gustatzen zaidanez, kanta horretarako bideo bat prestatu dut. Ea balio digun eta ea baketak ongi heltzen ikasten dugun!

Munduko musikak. Bi baliabide.

Lehenengo baliabide honetan abestiak eta errimak kontinenteka antolatuak aurkituko ditugu.


Bigarren honetan, Arantxa Llames musika-irakasleak sortutako WIX-a. 

iraila 26, 2016

Erritmoa: beltzak eta zuriak.

Ikasleei beltzak eta zuriak desberdintzen irakasten diedanean, beltzek erlojuaren "tik-tak" bezala eta zuriek erlojuaren "din don" bezala egiten dutela esaten diet. Adibideak egiten ditut eta gero, beraiek errepikatzen dute. Praktikatu ondoren, fitxa hau gauzatzen dute.

Adibideak neuk egin beharrean audiobisual baten beharra ikusten nuen hobeto azaltzeko; horregatik, bideo hau prestatu dut. Bertan erlojuaren soinuak, irudi erritmikoak eta silaba erritmikoak bat egiten dute.


iraila 12, 2016

Erdi Aroko musika eta stop motion eskolan.

2016-2017ko ikasturte honetan, hirugarren zikloan Stop Motion-eko tailer bat gauzatuko dugu eskolan. Ideia honen jatorria alde batetik , stop motion-eko teknika ikasleei ezagutaraztea, eta bestetik, musikaren historia ikasleentzat erakargarria bihurtzea izan da. Beraz, bi ideia hauek batuz Stop Motion-eko tailer hau sortu da.

Tailer honen metodologia lan kooperatiboa izango da. Lauzpabost ikasleko lau talde sortuko dira eta bakoitzak beheko gaien artean bat aukeratu beharko du bere laburmetraia sortzeko:
  1. Erdi Aroko gizartea
  2. Musika erlijiosoa
  3. Musika profanoa
  4. Guido d'Arezzo  

Musikako ordutegian, Erdi Aroko musika baliabide hauekin landuko dugu (teoria eta ebaluazioa), eta beste guztia stop motion-eko tailerrean. 

Musika, hizkuntza, informatika eta plastika-arloek bat egingo dute tailer honetan. Astean behin, ordu eta erdiko 7 saioak izango ditugu proiektu hau aurrera eramateko. 

Antzinako marrazki bizidunak teknika honekin egiten baziren ere, gaur egun badaude pelikula batzuk horrela sortu direla: Pesadilla antes de NavidadShaun ardia eta orain dela gutxi estrenatutako Kubo y las dos cuerdas mágicas esate baterako.

Irudi honetan klikatuz gero, proiektu honen plangintza orokorra aurki dezakezue. 
Beste eskoletan animatzen bazarete horrelako proiektuak aurrera eramaten, komentatu eta bidali zuen lanak, asko gustatuko litzaiguke horiek ikustea eta ziur gauza berriak ikasiko ditugula! 


Hau da emaitzaren adibide bat etxean egindakoa:


DESKARGAK:

FITXAK

ROLAK

TUTORIALAK

iraila 11, 2016

Erritmograma: "Batuka"

Erritmoa lantzeko ariketa hau erabiliko dugu lehenengo egunetan errepasatzeko. Bai gorputzarekin bai perkusio txikiko tresnekin egin dezakegu. 


iraila 08, 2016

"Somewhere over the rainbow" bertsio instrumentala.

Clases de música en ESO bloggean, baliabide hau topatu dut. Sorpresa oso ona izan da kanta hau "temazo" bat iruditzen zaidalako eta onena da, instrumental bertsioan dagoela!


iraila 07, 2016

Eskala musikala ikasteko kanta.

Kanta hau jatorriz, La canción de Juan da, "Cantajuegos" taldekoa. Asko gustatu zitzaidan eta euskaratu nuen; geroztik, beti erabili dut, baina orain, Juanen abestia deitzen da! 
Gustatu zitzaidan erritmoagatik eta errepikakorra delako. Baldintza horiekin, eskalako doinua oso ongi barneratuta gelditzen da eta marakakin jotzeko ere oso aproposa da.




iraila 06, 2016

PENTA-RAP Pentagramaren rap-a

Kanta 1. mailan erabiliko dugu, eta pentagrama zer den eta nolakoa den ikasteko balio digu. Hoberena da rapeatzen egiten dugula!




Oihartzun moduan egingo dugu, hau da, lehenengo irakasleak esaten du, eta ondoren, ikasleek errepikatzen dute. 
Ongi ikasten dutenean, irakaslearen rola ikasle batek egin dezake. HEMEN, raparen oinarria, ahotsa gabe, jeitsi dezakezue. 


iraila 05, 2016

Gorputz-perkusioa egiteko kanta: Maracuya.

Orain dela denbora bat, Maria Jesús Camino irakaslearengandik, Maracuyá kanta ezagutu nuen. Asko gustatu zitzaidan, eta gustuko ditudan kantekin gertatzen den bezala... oinarri instrumental bat egin nuen, kasu honetan, swing modukoa. Gorputz-perkusioa lantzeko ere oso aproposa da, eta eskematxo batzuk proposatu ditut.

Lehenengo egunetan erabiliko dugu, horrela modurik onenean hasiko gara, abestuz eta mugituz!!